Mukixu taldea momentu honetan 6 hezitzaile, garbitzaile bat eta sukaldari batez osatua dago. Formakuntza, hausnarketa eta behaketa gure ezaugarri nagusiak izanik, eguneroko ihardueran antzeman daitekeen etengabeko hazkuntza prozesu batean murgilduta gaudela esan dezakegu. Profesional bakoitzak eskaintzen duen berezitasunetik eta aberastasunetik talde lana bilatzen dugu, komunikazio zintzoan eta elkarren arteko errespetuan oinarrituz.
Idoia Ugarte
Psikologiako ikasketak bukatu eta beste formakuntza batzuetan aritu eta gero bideak Berara, Mukixura, ekarri ninduen. Bertan hasi nintzenean ez nuen pentsatzen inondik inora bizipen honek pertsona bezala hazten lagunduko zidala eta umeenganako nuen begirada erabat aldatuko zitzaidala.
Hainbat irakurketek eta hainbat pertsona izan dira aldaketa prozesu honetan lagundu didatenak, baina zalantzarik gabe, haurrak izan dira irakasle onenak. Hauei behatuz, umeek, gizarteak, munduak, eskaintzen dienaren erreflexua bueltatzen digutela ikusi ahal izan dut eta honen aurrean, guk helduok beraien hazkuntza prozesuan dugun arduraz konturatu ahal izan naiz.
Errespetuzko bizi espazioak sortzea ezinbestekoa iruditzen zait haurra txiki txikitatik bizipen hauetaz busti dadin eta modu osasuntsu batean hazi dadin. Mukixun, bide honetan gabiltzala sentitzen dut, bertan dagoen profesional taldeak sentsibilitate berezi bat duelako eta biziaz beteta dagoelako. Proiektu honetako partaide izatea ilusioz betetzen nau eta mundua ederra izan daitekela ere erakusten nau.
Ana Maeztu
Haur Hezkuntza Teknikaria ikasketak burutu ondoren eta Iruñerriko bertze Haur Eskolatan lan egin eta gero, bizitzak Berako Mukixu Haur Eskolara ekarri ninduen 2006.urtean.
Lan talde honetako partaide izateko aukera izan nuen orduan eta gaur egun ere, hauxe azpimarratuko nuke: lantaldearen garrantzia. 12 urte hauetan, 0 eta 3 urte bitarteko haurren benetazko beharren inguruan hausnartu, sakondu eta eztabaidatuz egin dugu orain arteko bidea. Eta behar hoiei erantzun ahalik eta egokiena eskeintzeko, gure burua formatzen jarraitzen dugu ikastaroak eginez, estatuko bertze haurreskolen berri izanez eta baita atzerriko esperientzientzetatik gure eskolarako aproposa dena gureganatuz.
Haur ahaltsu batengan sinisten dut eta haurra osasuntsu garatu dadin, hezitzaile moduan eskeini nahi nuke: inguru egokia (nun haurrak bere aktibitatea libreki garatzen duen); kalitatezko zaintza pertsonalizatua (atxikimendua eta haurraren segurtasuna sendotzen duena) eta gurasoekiko komunikazio benetazkoa eta garbia (gure arteko elkarlana ezinbertzekoa iruditzen zaidalako).
Hezitzaile bezala dugun ardura kontutan hartuz, haurraren beharren ezagutzan lanean jarraitzea da nere nahia.
Anabel Arburua
Ttikitatik argi izan dut haurrekin zerikusia zuen zerbaitetan lan egin nahi nuela.
Haurrak zaindu nahi nituela.
Orain ohartzen ari naiz zer den haur bat zaintzea, eta ze ardura suposatzen duen.
Haurraren alde fisikoa eta emozionala zaindu: adituz, ulertuz, onartuz, izaten utziz, bidelagunduz, bere behar fisiologikoei erantzuna emanez, haurrari behar horiek identifikatzen lagunduz, beren beharrak asetzeko inguruak prestatuz, inguru seguru bat eskainiz eta behar denean mugak paratuz.
Haurrak zaindu, ez guk nahi duguna izan daitezen, baizik eta jadanik badirenak, izan daitezen.
Eta ni beraien ondoan, neure buruari zein naizen oroitaraziz nere izanari izaten uzten.
Josune Irastorza
Gizarte Langintzako diplomatura eta Haur Hezkuntzako Goi mailako zikloko ikasketak burutu ondoren, MUKIXUn 2005ko irailean lanean hasi nintzen.
Hemen lan egiteak, bai lanbide-heziketan eta bai bizitza pertsonalan etengabeko ikaskuntza prozesu bat suposatzen du. Nahiz eta gaur egungo gizartearen lehiakortasun eta estresak ez duen batere laguntzen, ikasten dudan guztia nire bizimoduan praktikan jartzen saiatzen naiz, barne borroka batean sartuz neure burua mometu askotan.
MUKIXUn, lankide guztien artean giro lasai batean eta patxadaz lan egiten saiatzen gara. Hemen, momentu onak eta ez horren onak partekatzen ditugu, baina egoera guztietatik alderdi positiboak ikusten saiatzen naiz.
Haurrekin lan egin arren, beraien ondoan dauden helduak ezin ditugu alde batera utzi (familia, lagunak, zaintzaileak…). Guztiak kontutan hartuta, beraien interesak eta kezkak gureak egiten saiatzen gara, horrela beraien beharrei erantzun egoki bat ematen ahalegintzen gara. Horretarako 4 gai hauek lantzea garrantzitsua dela uste dugu: KONFIDANTZA , MOTIBAZIOA, PAZIENTZIA ETA LANKIDETZA.
Nahiz eta lankide guztiak norabide berean lanean aritu, bakoitzak bere lan egiteko modua dauka bere esparruan. Ondorioz bai haurrekin zein helduekin sortzen diren harreman berexi eta interesgarrietatik beti gauza berriak ikasteko aukera izaten dugu.
Kontutan hartuta gaurko haurrek etorkizuneko gizartean oinarrizko eginkizuna izanen dutela, hezitzaile bezala dudan arduraz kontziente naiz baina aldi berean, nik dudan hoberena eskaintzeko aukera paregabea dudala sentitzen dut ere.