Haurtzaindegia, gurasoek, umeek eta bertako elkarbizitzan parte hartzen dugun langileek osatzen dugu. Denon artean, egunero sortzen den elkarren arteko erlazioan, Mukixuko bizi espazioa eraikitzen goaz, errespetua, konfiantza eta askatasunaren haziak poliki-poliki eta arduraz landatuz.
Konfiantzan eraikitako erlazioak
Pertsona guztiak hazteko duten gaitasunean eta barne indarrean sinisten dugu. Bai haurrak eta bai gurasoak beraien hazkuntza prozesu propioan aurkitzen direla kontutan izanik, guk gure bide laguntza eskaintzen dugu: entzuten, behatzen, ulertzen, zaintzen, eskaintzen … Nor bera bere bidearen gidaria delako, guk bakoitzak aukeratu duen bidea zaintzen saiatzen gara bakoitzaren hazkuntza prozesua ahalbideratzeko.


Atentzio pertsonalizatua
Aditua, zaindua, pertsona bezala presente zaudela…, sentitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu emozionalki segurtasunez hazteko. Talde bizitza oso presente egonik ere, bai gurasoei eta bai haurrei atentzio momentu pertsonalizatuak eskaintzen saiatzen gara partekatzeko, hitz egiteko, sentitzeko, entzuteko espazioak eta momentuak bilatuz. Hau da, atxikimendu erlazioak, eta ondorioz segurtasun afektiboa indartzen lagunduko duten momentu eta espazioak eskaintzen saiatzen gara.
Askatasunerako bizi espazioak
Umeak beraien erabakietan eta ekintzetan askeak sentitzea beharrezkoa ikusten dugu barruan duten garatzeko berezko gaitasuna eta barne indar hori zaindu eta errespetatu nahi badugu. Eguneroko ekintza nagusia jolas librean oinarritzen da eta bertan dauden espazioak eta materialak beraien momentuko behar autentikoei erantzuten saiatzen dira. Haurrei denbora eskaintzen zaie, espazioan zehar libreki mugitzeko, behatzeko, pentsatzeko, egiteko, desegiteko, partekatzeko, bakarrik egoteko, saltoka aritzeko, deskantsatzeko, … azken finean momentuan sentitzen duenari jarraituz beraien erabaki propioak hartzeko eta modu honetan bere gaitasun eta izate osoa agertzen joateko poliki-poliki.
Elkarbizitzarako maitasunean oinarritutako mugak
Ondo zehaztutako mugez babesturik dagoen askatasunezko espazio bat eskaintzen dugu. Muga hauek, haurrari segurtasuna emango diotenak eta, mundua ezagutzen eta hazten lagunduko diotenak, maitasunez eta errespetuz ezarritako mugak izango dira, espazio berean bizitzen ari garenoi elkarbizitzen lagunduko digutenak zalantzarik gabe.
Naturarekin kontaktua
Umeak modu osasuntsu batean ahazteko naturarekin kontaktuan egotea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. BASOA deritzogun espazioan haurrak bere beharrei erantzuten dion espazio eder bat topatzen du, bertan, bere zentzumenak, mugimendua, imajinazioa, … martxan jartzeko aukera zoragarria duelarik. Bizirik dagoen espazioa bat aurkitzen du, nun urtaro bakoitzak ikuskizun zoragarri bat eskaintzen dion. Eguneroko kontaktu eta elkarbizitza honetan haurrak naturarekiko zaintza eta errespetuzko erlazio bat garatzeko aukera izango du poliki poliki.
Elikadura osasuntsua
Mukixu haurtzaindegian haurren osasunaz arduratzen gara eta kontziente gara haurren elikadura zaindu behar dugun zerbait dela. Marian sukaldariak, egunero bertako sukaldean prestatzen du bazkari goxo eta osasuntsua, herrian bertan eta egunean bertan erositako produktuekin. Hezitzaileak, bazkari momentua momentu goxoa izateaz arduratzen gara. Haurrak, helduaren eta haur beraren artean sortutako erlazio une atsegin batez inguratuta, Marianek prestatutako jaki goxoez gozatzeko aukera izango du.